AZKEN 10 SARRERAK

2025/03/29

XORROXINGO UR-JAUZIA ERRATZUTIK, GOROSTAPOLOTIK PASATUZ. 2025/03/23

Xorroxingo ur-jauzi ikusgarria.


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Goizeko zazpiak laurden gutxi ziren bigarren aldiz esnatu nintzenean. Etxetik kanpo lo egiten dudan bakoitzean gau pare bat kostatu ohi zait gau osoan lo egitea, eta kasualitatez, Erratzun lo egiten nuen bigarren gaua zen hau, Baztango herri txiki, lasai eta polit batean. Jaiki, komunera joan eta leihotik gaueko euriak bustitako kaleei begiratu nien, putzuetan tantak erortzen jarraitzen ote zuten ikusteko:

- Igual buelta bat ematea nijo – esan nion esnatzen hasita zegoen Itziri.
- Ebie ai do?
- Oain ez – erantzun nion ohearen ertzean eseriz -, ta Meteoblueren arabera eguerdira arte ez du gehio botako.
- Ta noa juteko asmoa daukezu?
- Xorroxingo ur-jauzira.
- Gogoratu beatziterdietako gosaltzeko geatu geala.
- Interneten beitzen aittu naiz ta zazpi-zortzi kilometro inguru diela jartzen do – erantzun nion -. Zazpitako ateatzen banaiz bederatzitako hemen naula esango nuke, galtzen ez banaiz behintzat.

Mendian ibiltzeko ekarrita nuen arropa jantzi, euritako txamarra eskuan hartu eta logelaren atera hurbildu nintzen.

- Ondo ibili.
- Seguru baietz.
- Maite zaitut, Smi.
- Nik ere bai, Itzi.

Familiako beste kideak ez esnatzeko kontu handiz irten nintzen Ostatutik, etxe batean gauerdian lapurreta egin duen lapur baten moduan. Kalera irten nintzenean gaueko euriaren usaina arnasten zen oraindik ere. Arnas sakon bat hartu, erlojuko GPSa martxan jarri eta, zeruan bueltaka dabiltzan sateliteak harrapatu zituenean, martxan jarri nintzen.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 6 kilometro.
- Punturik baxuena: Erratzu, 290 metro.
- Punturik altuena: Xorroxingo ur-jauzia, 390 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 175 metro inguru.
- Zailtasuna: IIbilbideak ez du zailtasun aipagarririk, baina bustia badago, kontuz ibili beharko da zenbait puntutan, bai lokatzagatik, bai bidea irristakorra izan daitekeelako. Ur-jauziaren inguruko harriak oso irristakorrak dira.
- Ura: Erratzun hartu daiteke.
- Jaitsiera: igoeraren bide beretik.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Ordubete eta hogei minutu, atsedenaldiak barne.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:
Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Bidasoaren ur gardenetako salto txikiek herriaren isiltasuna hausten zuten. Ibaia zeharkatzen duen zubia ziztu bizian gurutzatu ondoren aldapan gora hasi nintzen, klaustro bat itsatsita duen San Pedro elizaren parean. Haurren algararik gabe mutu zegoen herriko eskolaren albotik pasa nintzenean hilerrira daraman bidegurutzera iritsi nintzen.

- Hemen ezkerrera -, esan nion nire buruari, Google Maps aplikazioari begiratu ondoren.

Erratzun, zubia gurutzatu aurretik.

Ur-jauzira daraman bide zaharra jarraitzea zen nire asmoa, Gorostapolo auzotik doana. Gaur egun ibilbide berri bat dago, zaharra baino ederragoa dena eta Erratzuren sarreran dagoen aparkalekutik bertatik hasten dena. Gorostapolon eta Erratzun sortzen ziren trafiko eta aparkaleku arazoengatik sortu zen bide berri hau; honegatik, gaur egun ez da bide zaharra jarraitzea gomendatzen, kotxea Erratzuko aparkalekuan uzten ez bada.

Atzo bizi izan genuen haize hotzaren hasperen bat ere geratzen ez bazen ere, goiza fresko esnatu zen, oinez ibiltzeko ona eta euririk botako ez balu ezin hobea. Usaimena esnatu zidan behitegi bat atzean utzi eta Gorostapolo ikusten hasi nintzenean, errepidetik gertu bunker bat deskubritu nuen, larrean lasai zebilen artalde bat zegoen zelaiaren ertzean.

Errepide ondoan ikusi daiteken bunkerra.

Iragan ilun bateko testigu isilak dira bunkerrak, iragan bortitz bateko testiguak nire aburuz, gizakiaren handinahikeriaren ondorioz sortuak. Eta honek tristura eragiten dit, bezperan Amaiurko gazteluari egin genion bisitak eragin zidan modukoa. Zenbat gauza asmatzeko gai da gizakia, beste gizakiak erasotu ahal izateko edo beste gizakietatik defendatzeko.

Amaiurko gazteluan jarritako oroitarria.

Hala agintzen duen arren, Gorostapoloko sarreran dagoen Doloretako Ama Birjinaren baselizara iritsi nintzenean ez nuen salberik errezatu, eta bekatari lotsatu bat banintz bezala, aurrera jarraitu nuen. Baselizaren ondotik jaisten den bide harriztatuari jarraitu behar niola zen ibilbide honi buruz nuen informazio bakarra. Hortik aurrera, ibilbidea jarraitzea erraza izango zela uste nuen, ez bainuen horri buruzko informazio zehatzik aurkitu.

Gorostapolora iristen.

Doloroetako baselizaren sarrera.

Denborak eta urak higatutako harri hezeen gainetik kontu handiz jaitsi ondoren, Iñerbegiko errekaren uren gainetik eraikitako harrizko zubi bat zeharkatu nuen, bidegurutze batera iritsiz.

Baselizatik behera doan bide harriztatua.

Atzera begirada.

Bidegurutze hortatik aurrera ur-jauzira daramaten bide berriak eta zaharrak bat egiten dute. Egindako distantzia eta ur-jauziraino geratzen zena Google Maps aplikazioan begiratu ondoren, motelago ibiltzea erabaki nuen, hogei minutu behar izan bainituen bidegurutze honetara iristeko. Oraindik ez nekiena zen hamar minutu inguru geratzen zirela ur-jauzira iristeko.

Ur-jauzira daramaten bide berriak eta zaharrak bat egiten duten bidegurutzea.

Seinaleztatutako bigarren bidegurutze batean ere Xorroxinera daraman xenda hartu nuen, urritz, gaztainondo, garo eta San Jose lorez zipriztindutako baso batean sartuz, Iñerbegiko errekaren zurrumurrua eta garai honetan bikote bila aritzen diren zozoen kantuak bidelagun nituela.

Bigarren bidegurutzea.

Ospetsua da Walter E. Kurtz koronelak, Apocalypse Now filmeko protagonistak, "goizean napalm usaina maite dut" esandako esaldia. Ziur nago koronel honek ez zuela Baztango baso heze bat sekula usaindu udaberriko goiz lainotsu batean, udaberrian basoek botatzen duten lur bustiaren usaina ikusgarria delako, nekez ahazten den horietakoa.

Leku lokaztu pare batetik kontu handiz igaro ondoren, hirugarren bidegurutze batera iritsi nintzen.

Hirugarren bidegurutzea.

Hortik aurrera bidea estutu egiten da, aldapa irabaziz, eta metro gutxiren buruan ibilbidearen punturik altuenera iritsi nintzen, baita ibilbidearen azken bidegurutzera ere.

Laugarren, eta azken, bidegurutzea.

Aldapan behera doan bidexkatik jarraituz, berehala iritsi nintzen ur-jauzi txiki batera, egurrezko zubi polit bat zeharkatuz saihesten dena. Metro batzuk aurrerago, Xorroxin ur-jauziari buruzko azalpenak jasotzen dituen informazio-taula bat agertu zen zuhaitzen artean, eta haren atzean, erdi ezkutuan, ur-jauziaren isats zuria. Honaino iristeko ordu erdi baino gutxiago behar izan nuela eta, batez ere, bakarrik nengoela ikusita, lasai hartu nuen leku magiko honetaz gozatzeko aukera ezin hobea.

Xorroxin ur-jauziari buruzko azalpenak jasotzen dituen informazio-taula.

Ur-jauziek xarma berezia dute beti, eta magia berezia ere darie; horregatik, ez nau harritzen mendetan zehar ipuin eta elezaharren iturri izan izanak, batez ere mitologikoak. Xorroxin ez da desberdina eta hemendik ere irten dira euskal geografia zipriztintzen duten sorgin, lamia eta beste pertsonaia mitologikoei buruzko ipuinak ere. Eta ez da harritzekoa, leku horretan energia berezi bat sentitzen delako amiltzen den tanta bakoitzean, nahiz eta pentsatzen dudan energia hori deseginda geratuko dela jendetza handiko egunetan.

Xorroxingo ur-jauzia bere osotasunean.

Hezetasunak eragindako landaretza nabarmena da ur-jauziaren inguruko zuhaitzen enborretan.

Bakarrik nengoen arren, oraingoan ez nuen lamiarik ikusi ezta beraien kantu liluragarririk entzun, baina ur-jauziaren hots zirraragarriak hipnotizatuta eduki ninduen puska batean eta hausnartzeko leku zoragarri bat iruditu zitzaidan.

San Jose loreak.

Ur-jauziaren mugimenduak hipnotizatuta.

Hogei minutu eta argazki asko atera ondoren, berandu baino lehen, itzulerako bidea hartu nuen, joanaldian jarraitu nuen berbera, irribarre bat aurpegian nuela, halako leku zoragarri batez bakardadean gozatzeko aukera izan nuelako. Nork daki, beharbada lamiak izan ziren aukera hau oparitu zidatenak.

Ur-jauziari egindako azken argazkia. Leku magiko bat, inongo zalantzarik gabe.

Itziri hitz eman nion moduan, familia-gosarirako garaiz iritsi nintzen, baita dutxa bero bat patxadaz hartzeko garaiz ere.

Doloroetako baselizara daraman bide harriztatua.

Erratzura iristen.

Baztanera egindako bi eguneko bisitak aukera eman zidan txoko berri batzuk ezagutzeko, baita mendi berri batzuk igotzeko gogoa piztu ere. Baina bisita honek opari bat gordeta zuen oraindik, azken orduan iritsiko zena. Erratzutik irtetear geundela, mendiko lasterkariz mozorrotutako gazte bat aurrean geratu zen besoaz agur eginez. Nork esango zidan agurtzen ari zitzaidan gazte hura Estebe zela, "hodei guztien gainetik" blog zoragarriaren egilea. Erlojuak markatzen duen presak bultzatuta hamar minututan kontzentratu behar izan genuen gure lehen hitzordua mundu errealean. Estebek esan zidan bezala: "Nork errango zidan nire herrian elkar ezagutuko genuela, eta ez mendi baten puntan". Goiza alaitu zenidan Estebe, ea eskaladaren batean berriro ere elkartzen garen!!!

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Valle de Baztan web orria. Xorroxingo ur-saltoa. Eskuragarri: https://www.valledebaztan.com/eu/tours/cascada-de-xorroxin/