AZKEN 10 SARRERAK

2009/06/27

ANETO (3404 metro) ESTASEN KORREDORETIK. 09-06-21 eta 09-06-22

2007tik genuen buruan Anetoa igotzea. Baina ez genuen bide normaletik igo nahi (Renclusa aterpetik abitzen dena), Estasen korredoretik baizik. Baina plangintza askorekin gertatzen den bezela, korredorea egoera egokian zegoenean ezin ginen mendira joan (eguraldia, arazo pertsonalak, etab.), eta alderantziz, joateko aukera genuen bakoitzean korredorea ez zegoen egoera onean.

Denbora aurrera joan zen 2009ko Ekaina ailegatu zen arte. Anaiarekin (Iker) hitzegin ondoren, eta aurtengo neguak utzi duen elur pila kontutan edukita, eguraldi ona ematen zuten lehenengo astelehenean joango ginela erabaki genuen. Honela, ekainak 22rako eguzkia iragarri zutela aprobetxatuz, jai eguna eskatu eta igandean Benasquera hurbildu ginen gure ametsetako bat bete asmoz.

SARRERA

Gauza asko esan daitezke mendi honen inguruan: Piriniotako mendirik altuena izanda (3404 metro) beste mendi batzuekin alderatuz gero, 1842 urterarte ez zen igo. Urte honetako Uztailak 20ean Platon de Tchihatcheff eta Albert de Franqueville, Jean Sors (Argarot ezizenez ezaguna) , Pierre Sanio, Bernard Arrazau (Ursule ezizena zuena) eta Pierre Redonnet-ez (Nate ezizena zuena) lagundurik Anetoko (edo Néthou garai haietan) gailurra zapaldu zuten. Hiru egun behar izan zituzten gailurra zapaltzeko, Renclusatik abiatu ziren Cregüeña ibon arte, eta hemendik Coronas lepotik gora Mahomako pausua irabaziz tontorrera ailegatu ziren.

Tontorrean daukan gurutzea 1951 urteko abuztuan CECekoek jarri zuten. Gurutze hau 1967 eta 1999 urtean haizeak bota zuen. Gaur egun lau kable dauzka lau paraboltetara helduta. Gurutzetik aparte 1956 urtean Aragoiko mendizaleek Pilarika amabirjina jarri zuten. Amabirjin hau 1986 urtean tximista batek suntsitu zuen eta 1999 urtean Estasen korredoretik behera "amildu" zen. Bi objetu hauetatik aparte, puntu geodesiko bat dago.

Aneto mendia lau glaziarrez dago inguratuta, hauen artean, Piriniotako glaziarrik handiena. Perdido mendiarekin batera, seguraski Piriniotan gehien igotzen diren mendiak izango dira.

GURE BIDEA

Anetora igotzeko guk aukeratutako bidea Estasen korredorea da. Bide honetatik Estasen eta Rovira igo ziren lehen aldiz 1930 urtean.

Korredorera ailegatzeko Anetora doan hegoaldeko bide "normala" hartzen da, abiapuntua Coronas aterpea edo "refugio de pescadores" delarik.

Gure asmoa igandean Coronas aterpetik abiatu (bertaraino kotxez joanda) eta Erdiko Coronas ibonera joatea zen bertan denda jartzeko. Astelehenean korredorea igo, tontorra egin eta berriro ere aterpera ailegatuko ginen berriro ere kotxea hartzeko. Paperean idatzita, gauza erreza.

Korredorea PD bezela dago katalogatua (45º eta 50º arteko elur maldak ditu), beraz kranpoiak, bi piolet eta kaskoa besterik ez genuen eraman material "tekniko" bezela.

DESKRIBAPENA

Ordizia, goizeko 7:00ak. Kotxean traste guztiak sartu (14 eta 15 kgen arteko motxilak) eta Benasqueko bidea hartu genuen. Gure asmoa, Benasquera eguerdi aldera ailegatu, bertan bazkaldu eta hirurak aldera Coronas aterpetik abiatzea da, beranduenera arratsaldeko seiak-sei t'erdiak aldera ailegatzeko.

Lehenengo "hanka sartzea". Guía repsol-en eta guk eraman genuen Piriniotako errepide mapan bide berri bat azaltzen da Sabiñanigo eta Fiscal herrien artean, bide "normalari" ordu erdi kenduz. Sabiñanigo herria utzi genuenean eta errepide berri hau hartu genuenean inon ez genuen irakurri errepidea oraindik egiten ari direla, beraz Fanlillo herri parean errepidea bukatzen zela ikusiz, marmar batean buelta hartu eta errepide "normala" hartu genuen.

Bost ordu gidatu ondoren eta ipurdia kotxearen asientoan non jarri ez genekiela, azkenean 12:00ak aldera Benasque herrira ailegatu ginen. Herria utziz, Plan de Senartara abiatu ginen Vallibiernako pista (Coronas aterpera doana) nola zegoen ikusteko. Plan de Senartara ailegatu bezain pronto "eskabadora" bat ikusi genuen, eta edukazio handiz bere gidariari pistaren egoeraren inguruan galdetu genion. Zakarki "¡¡¡Está cerrada!!!" erantzun zigun, erantzunarekin batera irrifartxoak gure aurpegietatik desagertu zirelarik.

"Eta orain zer?" galdetu zidan anaiak. "Goazen ahalik eta azkarren bazkaltzera pistaren 8 km t'erdiak ahalik eta azkarren igotzeko" erantzun nion. Honela ba, berriro ere Benasquera abiatu ginen bazkaltzeko asmoarekin.

Arkume saihetsdun plater konbinatu bat bazkaldu ondoren berriro ere Plan de Senartara abiatu ginen. Honela ba, traste guztiak pixkanaka prestatzen hasi ginen.

Iker Trasteak prestatzen


14:10. Plan de Senarta 1250 metro. Plan de Senartatik abiatzen gara Coronas aterpe aldera. Oinez ordu laurden inguru daramagunean ondorengo karteltxoa ikusten dugu hesi batean itxatxita.

Vallibiernako pista ixten duen hesia


"Gutxienez, eskabadoraren gainean zegoen gizonak ez zigun adarriik jo", pentsatu genuen. Hala, 8 km pistatik igotzea. Hasieran, pista baso baten zehar doa, baina zuhaitzak bukatzen direnetik aurrera eguzkia da nagusi leku guztietan.

Pistatik gora elkar argazkiak ateratzen




"Ikusiko duzu hemendik behera bihar jaisten garenean..." esaten nion etengabe anaiari.


Plana Llarga inguruan, atzean Vallibierna mendia


Eta azkenean, 16:00tan bi ordu eskas ibili ondoren... Coronas aterpea. Ikusten denez, batzuentzat pista ez dago itxia.


"Ez al gea azkarregi igotzen arituko?" esaten dit anaiak Plan de Senartan dagoen kartelak Coronas aterperaino ailegatzeko adierazten duen denborari ordu erdi baino gehiago kendu baitiogu (kartelak Plan de Senartatik Coronas aterperaino 2 ordu t'erdiko ibilbidea markatzen du).

Anaia Coronas aterpera ailegatzen.


Coronas aterpea ez dago gaizki lo egiteko. Barruan egurrezko bi litera luze ditu eta mahai zabal bat tximinia baten begiradapean. Aterpearen ondoan Vallibierna erreka.

Iker aterpearen barruan


Smithy aterpearen barruan


Vallibierna mendia Coronas aterpearen zaindari


16:15. Coronas aterpea edo "refugio de pescadores" 1960 metro.Vallibierna errekatik ura hartu, ederki freskatu eta argazki batzuk atera ondoren, gure hurrengo abiapuntura abiatu ginean, Coronas ibonak.

Guk aukeratu genuen bidea Coronas aterpearen atzetik abiatzen den erreka lehor itsurako pista izan zen.

Coronas atzekaldean hasten den pista.


Pista honetatik 200 bat metro egin ondoren, poste batez seinalizatua dagoen bidegurutze batera ailegatzen gara. Bidegurutze honetan ezkerreko bidea hartu beharrean gaude, Coronas iboneruntz.

Bidegurutzean (16:20)


Bidegurutze honetatik aurrera bidea estutu egiten da eta gozo-gozo doa basoaren erdian zuhaitzen itzala eskertuz, Coronas ibonetatik datozen uren musikapean.

Basoan zehar


Behin basoa bukatzen denean Coronas ibonet-a non dagoen sumatu daiteke, ur jauzi baten jaiotzan dagoen paretaren gainean.

Basotik ateratzen. Atzeko ur jauziaren gainean dago Coronas ibonet-a.


Basoa bukatu ondoren, belarra bukatu eta harkaitz bidea hasten da. Hemendik aurrera harkaitzek ez gaituzte utziko gure gaurko helmugarte.

Coronas ibonet harkaitz bidean. Atzean Vallibierna mendia (3056 metro).


Oraindik zoriontsu goaz Vallibierna mendiaren zaindaritzapean.


Hortxe dugu azpian ikusten genuen ur jauzia, eta honen atzean Coronas ibonet-a


Azkenean, Coronas ibonet-era ailegatu ginen. Izenak dion bezela, ibon txiki bat da, zelai gozoz inguratua. Bertan, gure motxila astunak utzi, minberatzen hasita zeuden sorbaldei atseden eman eta zintzarriak freskatu genituen gelditzen zitzaigun bideari errezeloz begiratzen genion bitartean.

17:10. Coronas ibonet-a 2240 metro. Pixkanaka goruntz abiatu ginen etengabe goruntz begiratzen genuela. Ibonet-etik gora harkaitzen tamaina handitzen da benetazko harkaitz blokeak sortuz eta bidea mila hitoz hasten da markatzen, batzuetan GPSak markatzen zigun bidetik desbideratzen ginelarik. Gure hurrengo helburua? Coronas beheko ibona.

Coronas ibonetetik gora




Coronas ibonet-a azpian utziz. Argazkian hainbat hito ikusi daitezke.


Eta malda gogor baten ondoren... Coronas beheko ibona (18:15).


Ibonetetik gorako bide hau niri min handia egin zidan, "Aralar estiloan", hau da, apenas urik edan gabe igo bainuen. Honela, erdi deshidrataturik ailegatu nintzen Coronas beheko ibonera.

Coronas beheko ibonean. Deshidratazio hasieraren eraginpean.


Coronas beheko ibonetik erdiko ibonera doan bidea ez da gogorra, baina niri bukaezina egin zitzaidan. Gainera beheko ibonean gelditu gabe aurrera jo genuen, hanka sartze kriminala niretzat!!!!!

Coronas beheko eta erdialdeko ibonen artean sufritzen. Azpian ibonet-a ikus daiteke.


Eta azkenean, nahi nuena baino gehiago sufritu ondoren, gure aurrean Aneto mendia azaldu zen.

Anetori lehenengo begirada. Tontorrean dituen "apaingarriak" ikus daitezke.


Eta Anetoaren ikusmirarekin batera azkenean Coronas erdialdeko ibonera ailegatu ginen (18:35). "Eskerrak jainkoari" pentsatu nuen. Anaia nekatuta baina itxuraz ni baino askoz freskoago ailegatu zen.

Ailegatu eta berehala gure dendatxoa non jarriko genuen erabaki genuen. Erdialdeko ibon honen hego-ekialdea vivac egiteko puntuez josita dago eta batzuk ikusi ondoren, gure denda hobekien sartzen zen lekua aukeratu genuen. Gainera bakar-bakarrik geunden paraje hauetan eta ibon osoa guretzat genuen.

Denda jarriko genuen lekua aukeratu ondoren, motxilak bota eta ziztu bizian joan ginen ibonera kantinploretan ura hartu eta hidratatzera.

Ia atsedenik hartu gabe edan nuen kantinplora eskutan. Ia bi litro edan nituen jarraian.


Hidratazioaren ondoren, berriro ere irrifarrak.


Anetoaren panoa "kanpo basetik". Eskuinean Llosás kresta, erdian Aneto eta ezkerrean Cregüeña kresta.


Gure kanpo basea.


Eta kanpo basea jarri ondoren, afaltzera. Lehenengo aldia zen hornillo bat eramaten genuela eta ez genekien zer nolako esperientzia izango zen "gezurrezko" makarroiak afaltzea.

Iker afaria prestatzen.


On egin!!!!!!!!!!!


Afari elegantea!!!!!


EDERRAKK MAKARROIAKKK!!!!!!!!!!!! Esan genuen biok aho batez. Hornilloarekin gure lehenengo esperientzia izateko oso esperientzia ona eta atsegina izan zen. Altuera horietan zerbait beroa gorputzean sartzea benetan eskertzen da. Baina etxean gertatzen den bezela, afaldu ondoren ontziak garbitu behar dira eta etxean bezela, ekintza honek pereza ematen du.

Ontziak garbitzen.


Eta bitartean anaiak lo egiteko pirula hartzen...


Eguzkia sartzearekin batera tenperaturak beheraka jo zuen ziztu bizian. Orduan dendara joan eta zakura sartzeko momentua ailegatu zela erabaki genuen.

Zakura sartzeko prestatzen.


Hasieran, batez ere eguzkiak Coronas glaziarrean egiten zuen dizdiraren ondorioz, lo egitea kostatu zitzaigun, baina azkenean...

Ssssssssshhhhhhhhhhhhhh!!!!!!!


Goizeko bostak laurden gutxi. Badirudi orduak hirunaka pasa direla. Gainera gauean haizeak oso zakar jo du eta momentu askotan denda ederki astindu da alde batera eta bestera gure esnatzearekin batera. "Eguraldia begiratu nuenean, kontutan euki ez nun gauza bakarra haizea izan zen" esan nion anaiari. "Guain behar deuna da haizegatik ez igotzea" esan zidan. "Behintzat korredoraino abituko gea" erantzun nion.

Goizeko bostak aldera, xuabe-xuabe gosaria prestatzen hasi ginen: esnea hautsetan Nesquik eta mueslikin, bero-beroa.

Gosaria prestatzen.


Mueslia denbora luzean behien moduan hausnartu ondoren (hurrengo batean ez dut hainbeste eramango), ontziak garbitu eta tontorrera igotzeko beharko genituen trasteak hasi ginen prestatzen.

Dena prestatu ondoren. Gaur egun handia izango delakoaren susmoa du anaiak.


06:05. Coronas Erdialdeko ibona 2740 metro. Ibona bidean goazela bere eskuinetik zeharkatu ondoren (hitoak jarraituz) elur pala batetik gora joan ginen zuzen-zuzen Coronas leporako norantzarekin.

Irteteko prest. Eskuinean bi harrikaren artean ikus daiteken elur maldatik igo ginen hasieran.


Hasieran haizeak gogor jotzen zuen, baina Coronas erdialdeko ibona zeharkatu genuenean mendiak haizegatik babestu gintuen. Elurraren egoera, paregabea, gogorra izoztua egon gabe. Hau ikusirik, kranpoiak ahalik eta beranduenen jartzea erabaki genuen.

Bi harrikaden arteko elur palatik gora.


Hasieran pala honetatik gora igotzea erabaki genuen, baina inklinazioa handitzen joan zen adinean igotzerako norantzan eskuineko harrikadera pasa ginen errezago igotzeko.

Coronas glaziarrera uste baino lehenago ailegatu ginen eta momentu honetan, lehen aldiz Estasen korredorea ikusi genuen.

Coronas glaziarrean. Hortik igo behar dugu.


Coronas glaziarretik gora. Atzean Posets mendian eguzkia dagoeneko jotzen.


Pixkanaka korredorera hurbiltzen. Aurrean ikusten diren harkaitzetan kranpoiak jarri genituen.


Estasen korredorera sartu baino 200 metro ingurura dagoen harkaitz zabal batean kranpoiak jartzea eta pioletak ateratzea erabaki genuen, elurraren gogortasuna eta maldaren inklinazioa handitzen zen eta.

Kranpoiak jartzen. Hemendik aurrera hasiko da politena.


07:10. Kranpoiak jarri genituen harkaitza 3100 metro. Hemendik aurrera pixkanaka emozionatzen hasi ginen Estasen korredorearen sarrera bertan ikusten baikenuen.

Kranpoiak jarri ondoren.


Eta di-da batean Estasen korredorearen sarreran azaldu ginen (07:30).


Hemendik aurrera, gozamena. Korredorearen inklinazioa 45º-50ºen artean mantentzen denbora osoan eta Aizkorrin egin dezakegun edozein korredorearen antzekoa da (malda pixkat gehiagorekin, noski). Gainera, elurraren egoera izugarria zen eta kranpoiak krast-krast ederki sartzen ziren elurretan.

Estasen korredorearen hasieran


Korredorearen lehenengo herena bukatzen.


Korredorearen erdi puntura ailegatzen.


Korredorearen erdia bukatzen.


Argazki bat ateratzeko puntu egoki baten bila.


Korredorearen erdi puntuan gutxi gora behera korredorea hiru korredoretan banatzen den hunea ikusten da. Ezkerretara hartuta Estasen korredorea jarraitzen dugu, erdiko korredorea Petit black bariantea izena dauka eta eskuineko korredoreak Escudier bariantea dauka izena.

Hiru korredoreak.


Iker korredoreen "bidegurutzean". Petit black barianteak elurra asko galdu duela agerian da.


Smithy korredoreen "bidegurutzera" ailegatzen.


Egia esan, tentatuta egon ginen Petit black-eko bariantea egiteko, baina anaiak esan zuen bezela "Estasen korredorea itea etorri gea". Korredorearen azken 10-15 metrotan elurra erabat kenduta zegoen, baina erraz igo genuen Llosás krestaraino (08:00).

Estasen korredorearen azken metroetan.


Llosás krestara atera ginenean kezka bat etorri zitzaigun: "eta Daviu orratzara igotzen bagara?", galdetu nion anaiari. "Ez, ni Anetoa igotzera etorri naiz" esan zidan anaiak. "Balaitus-a igota daukat eta hurrengoa Anetoa izan beharra dauke" gehitu zidan.

Anaiari kamera utzi eta ni Daviu orratzaruntz abiatu nintzen, bost minututan tontorrean nengoelarik.

Daviu orratzean (08:10).


Daviu orratzean argazkia atera ondoren eta bertatik Anetoren gurutzea ikusi ondoren (gurutzea ikustea zirrara bat eman zidan), berriro anaia gelditu zen puntura joan eta haizearekin borrokan Anetoaren tontorreraino azken metroak igo genituen Llosás krestatik gora. Azken metro hauek ez dute zailtasun handirik (nahiz eta trepada bat izan) baina kontuz ibili behar da harririk ez botatzeko. Gainera ez zuten inongo elurrik tontorreraino.

Anaia Llosás krestaren azken metroetan...


....eta ni


Eta azkenean... goizeko 8:20tan... Anetoaren gailurra zapaldu genuen.

Mujika anaien gailurreko argazkia.


Azkenean, bi urteetako prestakuntzaren ondoren, hemen gaude, Piriniotako gailurrean, bakar-bakarrik. Honelakoetan sentitzen dena oso zaila da idaztea, baina negargurea, emozioa, satisfakzioa eta irrifarrearen arteko nahasketa bat da. Honelakoetan ez da nekerik, ez haizerik ezta gose nahiz egarririk. Honelakoetan, hor zaude, gailur batean, mendia sentitzen, ez da denborarik pasatzen, zure anaiarekin zaude, baina aldi berean bakarrik zaude.

Anetoaren gailurra.


Han azpitik gatoz.


Mendebalderuntz, Coronas mendia (3298 metro) eta Punta Oliveras Arenas (3292 metro), azken hau gure hurrengo helburua.


Hego ekialdetik mendebalarteko panoa. Ikusten den mendien kopurua izugarria.


Anetoko gurutzea eta Anetoaren bizkarra mendia (3350 metro)


08:40 Anetoaren gailurra. Ez dakit zenbat denbora izan ginen gailurrean, baina ziur ez zela nahikoa izan. Ura edan, fruitu lehorrak eta barritaren bat jan eta hainbat eta hainbat argazki atera ondoren Mahoma pausu ezagunera abiatu ginen.

Anetoko gailurrari azken begirada.


Lehenengo aldia zen Mahoma pausutik pasako ginela, eta egia esan, beldur puntu bat ere bagenuen pausu honen inguruan irakurtzen diren gauzak kontutan edukita, buelta hartu dutenak, soka gabe pasa ez direnak, etab.

Mahoma pausuak bi "destrepe" dauzka, biak nahiko aereoak, baina teknikoki zailtasun gutxikoak. Hala ere "trepatzen" ohitua ez dagoen pertsona bati ez nioke esango pausu hau erreza danik.

Mahoma pausuaren lehen destrepean sartzen (08:46).


Lehenengo destrepea bukatzen.


Bigarren destrepearen hasieran.


Bigarren destrepearen lehen pausuan.


Bigarren destrepearen amaieran.


Mahoma pausua bukatuta.


Mahoma pausua osorik. Anetoaren gurutzea ikusi daiteke.


Mahoma pausua bukatu ondoren, berriro ere elurra etengabe hasten zen, beraz, berriro ere kranpoiak jarri genituen jaitsiera erosoa egiteko asmoarekin Coronas lepoaruntz.

Baina lepo honetara ailegatu aurretik beste mendi bat igoko genuen, Punta Oliveras Arenas (3292 metro). Honetarako, Anetora doan bide normaletik 100 metro desbideratu motxilak eta kranpoiak harkaitz baten ondoan utzi eta Punta Oliveras Arenasen gailurrera igo ginen 5-10 minutuetan (09:05).

Iker Punta Oliveras Arenas mendian (3292 metro).


Ni mendi berean...


Eta panoa...


09:10. Punta Olvieras Arenas. Eta mendi honetatik Coronas leporuntz. Ordurako eguzkiak ederki jotzen hasita zen, baina oraindik elurra gogor mantentzen zen.

Coronas leporuntz.


Coronas lepora ailegatu aurretik Coronado ibonera hurbildu ginen bere ur urdinak ikustera.

Iker Coronado ibonaren gainean (09:20).


Eta hemendik, Coronas lepora (3208 metro).

Coronas lepoaren irteera.


09:25. Coronas lepoa. Coronas lepotik glaziarrera doan "destrepea"-ren inguruan ere denetik irakurtzen da. Guk kranpoiak jarrita egin genuen eta honela ez genuen "destrepe" eroso bat egin, baina ez dauka zailtasun handirik.

Iker "destrepea" amaitu ondoren. Atzean destrepatzen diren harkaitz blokeak ikus daitezke (09:30).


Eta Coronas glaziarra hasten den momentutik behera, elurra, elurra eta elurra Coronas Erdialdeko ibonarte.

Estasen korredorea Coronas glaziarretik.


Anaia zoriontsu Estasen korredorea atzean duela. LORTU DUGU!!!!!!!!!


Berriro ere Erdialdeko ibonean.


Ibonera ailegatu (10:30) eta ahalik eta azkarren kanpo basea jaso eta motxilak prestatu genituen haizearen menpean. Zerbait jan eta edan eta pixkanaka Coronas aterperuntz abiatu ginen.

11:15. Coronas Erdialdeko ibona. Anetori azken begirada eman eta pixkanaka beheruntz abiatu ginen.

Anetori kanpo basetik azken begirada.


Llosás krestaren panoramika Coronas beheko ibonera ailegatu aurretik.


Coronas beheko ibonaren isurbidea (11:35).


Honela, ttirri-ttarra Coronas ibonet-era ailegatu ginen (12:15) eta honen isurbidearen ondoko itzal batean galtza luzeak kendu eta motzak jartzea erabaki genuen eguzkiak gogor jotzen zuen eta.

Galtza eta kamiseta motzak jarri ondoren. Atzean Coronas iboneten isurbidea ikusi daiteke.


Udaberriko loreak.


Berriro ere, egun bat eta gero, basoan sartzen.


Azkenean Coronas aterpera ailegatu ginelarik... (12:55)


13:10. Coronas aterpea (1960 metro). Oinak ongi genituenez aterpean apenas gelditu gabe beheruntz abiatu ginen pistatik zehar gutxi gora behera ordu t'erdi iraungo genuela pentsatuz.

Vallibierna pistatik behera bukaeran Quillon-eko etxola ikusten delarik.


Baina gaur atzo baino bero handiagoa egiten zuen eta hiru ordulaurden ibili eta gero, oinak egosten eta sorbaldako minak hasi ziren.

Coronas aterpea utzi eta ordu eta laurden ingurura berriro ere Vallibiernako pista ixten duen hesira ailegatu ginen eta hemendik hamar minutu inguruan berriro ere kotxean.

Vallibiernako pista ixten duen hesia (14:20).


Azkenean, orain bai, LORTU DUGU!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!

Plan de Senartatik pasatzen den errekan oinak freskatu, zerbait jan eta edan, eta erropa aldatu ondoren, kotxea hartu eta arratsaldeko hirurak eta laurden aldera etxeruntz abiatu ginen.

Bielsan polizia nazional eta Loitin Guardia Zibilen kontrol banatan gelditu ondoren (bigarrenean kotxea ere mihatu ziguten), Piriniotatik bueltatzen garenean ohiko dugun bezela, arratsaldeko zazpirak laurden gutxi aldera La Moreako hanburgeseri famatu batean geunden afaltzen.

Arratsaldeko zortzi t'erdiak aldera oso nekaturik etxera ailegatu ginen... baina Piriniotako gailurra zapaldu genuelako poztasunarekin.

PROFILA




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina