AZKEN 10 SARRERAK

2011/01/05

BALAITUS, 2005-09-24: ADISKIDETASUN BATEN JAIOTZA

Segidan kontatu behar dudana adiskidetasun baten jaiotza da, mendian sortu eta egun arte mantentzen den adiskidetasun baten jaiotza. Esaten da mendian sortzen diren adiskidetasunak bizitza guztian zehar mantentzen direla, egoera zailetan sortzen direnak batez ere. Esaera honek dioena egia bada, adiskidetasun honek betirako iraungo du, ea honela den.

Gertatutako hau aspaldian idatzi nahi nuen, gertatutakoa izan eta denbora gutxira, memoria oraindik oso frexko dagoenean. Denborarekin oroitzapen batzuk galtzen hasten dira eta beste batzuk emozioek jota, errealitatetik aldentzen dira, honegatik segidan kontatutakoa emozioek "kutsatutako" kontateka bat izango da.

Ez naiz, ohikoa dudan bezela, Balaitus mendiaren igoera zehatz bat deskribatzen hasiko, ez baita kontaketa honen helburua. Mendi honen igoeraren deskribapen zehatzago baterako hemen klikatu.

2005 urteko irailaren 25ean gertatutakoa ez zait, ez zaigu, ahaztu eta uste dut ez zaigula sekula ahaztuko.

Horra hor gertatutakoaren kontaketa.

KONTAKETA HONETAKO PROTAGONISTAK
Kontaketa honetan ez dira mila mendizale azalduko ezta mila leku ere. Istorio hau sei mendizalek burutu genuen: Juanma eta bere semea Fermin, Fermin eta bere semea Pablo, Josu eta ni.

Juanma eta Fermin 2006 urtean Baysellance aterpean ateratako argazki batean.


Fermin eta Rosalia (bere emaztea) 2006 urtean Vignemale mendian.


Pablo, Posets mendian gora 2008 urtean.


BALAITUS MENDIAREN IGOERAREN PLANGINTZA

2004 urtean Vignemale lerroan Pirinotako 3000ko mendietako jauzia eman nuen Josu eta Igorren laguntzarekin. Ordurarte napar Pirinio eta Bisaurin inguruan ibiltzen ginen batez ere, 3000ko mendiak zeharka begiratuz. Vignemalen bizitako esperientzia izugarriaren ondoren (Paradiso grutan eginiko vivac-a eta guzti), urtero gutxienez 3000ko bat igoko genuenaren tratua egin genuen Josu eta biok.

Baina, datorren urterako berrehunetik gora dauden 3000koetatik zein aukeratu? Desnivel mendi aldizkariak bere 2005ko Uztaileko zenbakian Balaitus mendiari monografiko bat eskeini zion eta "igotzen den lekutik igotzen dela, trepatu egin beharreko mendia da" irakurri nuenean zalantza guztiek nire burutik aldegin zuten: "gure hurrengo 3000koa Balaitus izango da". Aukeratutako bidea? Diagonal Handia.

Beti bezela, nire projektutxo hau Josuri komentatu nion, eta beti bezela Josuk baiezkoa esan zidan. Berak Balaitus mendia Latour bretxatik igota zuen, baina ez Diagonal Handiatik. Igoera modu lasai batean planteatu genuen: lehen egunean La Sarra urtegitik Michaud lezera igo bertan vivac-a egiteko. Bigarren egunean aldiz, Balaitus igo eta berriro La Sarra-ra bueltatuko ginen.

IGOERA

Udako oporren ondoren, iraila aukeratu genuen gure igoerarako. Aukeratutako astebururako eguraldi iragarpena ez zen erabat ona, baina gutxienez euria ez zegoen iragarrita.

Josuk goizean-goiz jaso ondoren Jaca-rako bidea hartu genuen Balaitus handiaren gailurraren bila.

La Sarrako urtegian kotxea utzi eta trasteak prestatu ondoren gorako bidea hartu genuen. Lehen aldia zen paraje horietatik ibiltzen ginela eta bidea izugarria iruditu zitzaidan.

Ibilbidearen hasieran bi haurrekin zihoazen bi mendizale pasa genituen eta ohiko agurraren ondoren pixkanaka atzean utzi genituen beste misteriorik gabe.

Paso del Onson. Argazkia Juanmak ateratakoa da.


Arriel aintziretara doan bidearen bidegurutzean atsedena hartzea erabaki genuen. Ez geunden horrenbesteko pisuarekin ibiltzera ohituak eta gure sorbaldek eskertu zuten atseden hura. "Hamaiketakoa" egiten ari ginela atzean utzitako lau mendizalek parera ailegatu, berriro ere "Aupa" batez agurtu eta Arriel aintzirako bidea hartu zuten.

"Hok guk hartutako bide berdiñe eingo dute" esan zidan Josuk "Dendaik bazuten?" galdetu nion, "ez naiz konturatu" Josuk. "Espero det Michaud-era ez jutea, bestela lekuz ez dakit nola ibiliko gean", esan nion. "Dijozten erritmoa ikusita nik uste pasako ditugula" erantzun zidan Josuk.

Atsedenaren ondoren motxilak berriro bizkarreratu eta Arriel aintziren bidea hartu genuen xuabe-xuabe, zer erremedio, batez ere aintziretara doan malda ikusi eta gero. Goruntz baino, lurrera gehiago begiratuta pixkanaka aldapan gora gindoazela berriro ere lau mendizaleak pasa genituen. Hauek dagoeneko maldaren eraginpean erdi sakabanatuta zihoazen: atzean gizon bat eta haur gazteena (Fermin eta Pablo), hauetatik metro batzuetara beste haur bat (Fermin) eta hauetatik ehunbat metroetara beste gizona (Juanma) bakar-bakarrik. Azkeneko hau Arriel beheko aintziraren hasieran pasa genuen.

"Nola leike hain ume txikikin bakoitza bere kontura igotzea?" esan zuen Josuk. "Harritzen nauena da aurretik gizon bat bere kontura jutea atzean haurrak utzita, leku bat hartzera ez badijo behintzat" erantzun nion, "dena den hain haur gazteekin...". Honen inguruan hizketan ari ginela, konturatu gabe Arrielgo aintzirak atzean utzi eta laku izoztura iritsi ginen lehen aldiz parean genuen mendi izugarriaren presentziaz gozatuz. Ordurarte nire Canon reflex analogikoa motxilatik atera gabe nuela konturatu nintzen, gainera 24 argazkietako argazki film bakarra ekarri nuela ikusita (hanka-sartze latza) ahalik eta argazki juxtuenak ateratzea erabaki nuen.

Balaitus laku izoztutik. Diagonal Handia ikusi daiteke eskuin ezker norantzan.


Laku izoztura iritsi ondoren, berriro ere "lehenengo martxa" jarri eta ttirri-ttarra Michaud lezera hurbildu ginen.

Arriel mendia eta atzean Midi D'Ossau Michaud kobara ailegatzen.


Arriel eta Midi gertuago, azpian laku izoztua eta Arriel goiko aintzira.


Eta azkenean Michaud lezera ailegatu ginen.

Michaud lezea.


2004ean Vigemaleren Paradiso lezean izandako vivac-a gogoan genuen, eta Michaud leze hezearen egoera ikusi genuenean aurpegia erabat aldatu zitzaigun. "Hau al da leze famatue?" Josuk. "Ba bai, hau da txaskilloa" nik. Lezearen hertz batean mendizaleren batek utzitako aluminiozko maindira batzuk zeudela ikusirik, maindira hauek hobekien iruditu zitzaigun lekuan zabaldu eta esterilla eta zakuak gainean jarri genituen.

Josu Michaud aterpearen kanpoan Palas mendiari begira.


Palas mendia. Mendi hau ikusten genuen lehen aldia zen, eta erabat txunditu gintuen.


GAILURRERA IGOTZEKO ERABAKIA

Momentu batean Josu ixildu eta pentsakor jarri zen. Zertan ariko ote zen?

Josu pentsakor...


"Indarrez zemuz zaude?" galdetu zidan. "Nekatu xamar, baina tira, zeba?". "Eta oain Balaitusera igotzen bagea?" esan zidan. "Hortan ari zinen pentsatzen?", "Ba bai, horrela bihar dena jaistea besterik ez da izango" esan zidan. Josuren proposamena pixkatean pentsatu ondoren, baiezkoa eman nion.

Motxilak erabat hustu genituen eta bertan kantinplora bat ur, kaskoa eta jateko zerbait hartu genuen, fruitu lehorrak, ogitartekoren bat eta txokolatea, orduan oraindik ez baikenuen barratxorik eramaten. Berriz martxa hartzea kosta egin zitzaidan baina Michaudetik gora dagoen maldak azkar berotu ninduen.

Josu Diagonal Handiaren hasieran.


Bitartean, gu gailurreruntz gindoazela, atzean utzi genituen lau mendizaleak Arriel goiko aintzirara iritsi eta bertan igoeran ikusi ez genuen denda jarri zuten. Atseden baten ondoren, eta eguzkia sartu baino lehen, berriro ere dendan izango zirenaren esperantzarekin Balaitus gailurreruntz abiatu ziren.

Fermin Arriel goiko ibona atzean utzi ondoren. Argazkia Juanmarena da.


Fermin eta Pablo Michaud koban indarrak berreskuratzen. Argazkia Juanmarena da.


Guk eginiko igoerarekin ez dut oroitzapen argirik, zegoen mugarri kantitate handia ezik. Behin baino gehiagotan zalantzan izan ginen zein bide aukeratu horrenbeste mugarrirekin. Bata bestearengatik gertu eta gainetik inor ez genuela ikusita, kaskoa motxilan uztea erabaki genuen.

Honela, zehazki ez dakit zein ordutan baina 16:00-16:30ak aldera izango zirelakoaren ustetan, Balaitus mendiaren piramidera iritsi ginen.

Balaitus mendiaren gailurra.


Gailurrean elkarri emandako besarkada izugarria izan zen. "Merezi izan al du?" Josuk. "Ba bai, eta gañera datozen hodeiak ikusita oaindik hobe" erantzun nion.

Josu indarrak berreskuratzen.


Ogitarteko bat erdibana jan eta argazki batzuk egin ondoren, gailurraz gozatzen aritu ginen gailur guztia biontzat bakarrik genuen eta.

Josu eta atzean Midi d'Ossau.


Gogoratzen ez dudan denbora pasa eta gero, eta batez ere gailurrean zegoen hotza kontutan izanda, beherako bidea hartu genuen.

Josu Diagonalaren lehen metroetan.


Josu eta Palas mendia. Mendi ederra benetan.


"Hoik ez al die goraka pasa ditteun mendizalek?" Galdetu nion Josuri goruntz zetozen mendizale batzuk seinalatuz "Ba bai, hoi da umeen meritue, hoik gogorrak izango die" esan zidan Josuk. "Gogorrak bai, baina ez zaie jaisterako berandu eingo?" Galdetu nion, "hortxe-hortxe ibiliko die, gainera lauak lotuta junda ez dakit ba..."

Fermin eta Pablo Diagonaletik gora lotuta. Argazkia Juanmarena da.


Berriro ere mendizale hauek agurtu eta beherunzko bidearekin jarraitu genuen biharko gogorrena kenduta genuenaren zoriontasunarekin.

Diagonal Handia atzean utzi ondoren.


Parajeak izugarriak, Palas, Le Lurrien, Midi, Arriel...


"Bulder" pixkat egiteko denbora ere izan genuen Palas mendiaren begiradapean.


Michaud kobara itzuli, ogitartekoak afaldu, argazki kamera atera eta eguzki sartzeaz gozatu asmoz harkaitz baten gainean eseri ginen.

Arratsaren lehen momentuak. Ezker eskuin, Arriel, Midi eta Palas.


Ariel.


Arriel mendia sutan ote?


Bapatean, harri batzuen artean erbinude bat atera zen konpainia egitea. Honek ere eguzkia nola sartzen den ikustera etxetik atera zela pentsatu genuen, ogitarteko batetik erori zitzaigun xerra zati bat eraman zuen arte.

Gure bisitari txikia


Gertuago...


Bat batean zeruko leihoak ireki zirela iruditu zitzaigun.


Pena etxeko eskanerraren kalitatea hobea ez izatea...


Eguzkiaren azken printzak. Orduan ez nekien baina hau izango zen aterako nuen azken argazkia.


ISTRIPUA. BOTIKINIK BA AL DUZUE?

Eguzkiaren azken printzen argiekin eta lo zakuetara sartzeko prestatzen ari ginela, gure atzetik haur bat azaldu zen (Pablo): "botikinik ba al duzue? Eske nire aita harri txiki batek buruan jo du eta odol pixkat dauka". "Botikina? Noski baietz, gainera tipo hau erizaina da" erantzun zion Josuk. "Aitaaa!!!! Hemen erizain bat dagooo!!!" oihukatu zuen haurrak.

Momentu batean lau mendizaleak gure ingurura hurbildu ziren. Hauetako batek (Ferminek) odolez bustitako zapi bat zeraman kopetan lotuta eta nahiko zurbil zetorren. "Zer pasatu da?" Galdetu nien zapia kentzen nion bitartean. "Beherako bidean Pablo ni baino gorago zetorren, bapatean irrist egin eta altxatutako harri kozkor batek kopetan jo egin dit, baina ez da ezer" erantzun zidan Ferminek zuri-zuri.

Zapia kendu nionean kopetan bost zentimetro inguruko marra bertikal bat ikusi nuen. Hasieran ez nion aparteko garrantzirik eman, "ba arrastaratxo bat izango da" pentsatu nuen, baina serum-akin garbitzen hasi eta "arrastaratxoa" ireki eta zauriaren sakontasuna ikusi nuenean hotzikara batek gorputz guztia zeharkatu zidan. Odolarekin batera likido argi bat ateratzen zen eta garunean dagoen likidoa ote zenaren beldurrez, Josuri begirada bat bota eta berehala ulertu zuen nire mezua. "Nola ikusten dezu?" Galdetu zidan Ferminek. "Beno, ez dirudi oso larria" gezurra esan nion.

Hala nola Josuren laguntzarekin paperezko puntu batzuk jarri, gasa pakete batekin zauria estali eta bendaia bat jarri genion buruan. "Zein da zuen asmoa?" Galdetu nien. "Ba Arriel aintziran utzi dugun dendan lo egin eta bihar goizean behera jaitsi, ze ba?" esan zidan Juanmak. "Aholku bat ematea nahi baduzue, gaur bertan jaistea hobe duzue nonbaiten radiografi bat ateratzeko" esan nion. "Beraz, ez duzu hain ongi ikusten" esan zidan Juanmak Ferminek entzun gabe. "Ba ez, uste dut egokiena radiografi bat ateratzea dela hezurra ikututa duen hala ez deskartatzeko" esan nion. "Eta haurrekin zer egingo dugu?" galdetu zidan Juanmak. "Nahi baduzue Josu eta biok beraiekin lo egingo dugu eta bihar goizean jaitsiko gara La Sarra-ra" proposatu nion.

Bitan pentsatu gabe Juanmak baiezkoa esan eta beste hiruei gure asmoa proposatu zien. "Bihar goizean haurrak Sallent de Gallegora eramango dituzue? Han Hostal batean lo egiteko lekua hartuta dugu eta haurrek badakite Hostala non dagoen" galdetu zuen Ferminek. "Arazorik gabe" erantzun nion.

Josuk bere trasteak jaso ondoren, beste laurekin beherunzko bidea hartu zuen. Ni bitartean botikina eta nire traste guztiak motxilan gordetzen gelditu nintzen.

Fermin sendaketa egin ondoren.


BEHERUNTZ ABIATZEKO ERABAKIA
Traste guztiak jaso eta beherunzko bidea hartu nuenean dagoeneko dena erdi ilun zegoenez frontala piztu behar izan nuen. Oroitzapenak nolakoak diren, baina gogoan dut laku izoztutik behera nindoala Sarrio batzuk ikusi nituela kresta baten hertzean, pasatzen ari zen guztiaren ikusle izango baziren bezela.

Beheruntz nindoala ezin nuen Fermin burutik kendu, "eta zauria benetan serioa bada?", "Eta Sallent herrian radiografirik ateratzeko aukerarik ez badute?", "Eta bidean konortea galtzen badu?". Azkeneko galdera hau burura etorri zitzaidanean erabakia hartu nuen: denok abiatu beharra genuen beheruntz, bestela, Juanma erabat salduta utziko genuen.

Arriel goiko aintzirara iristerako dena ilun zegoen eta Josu etorri zen nire bila. "Josu, gu ere beheruntz goaz" esan nion eta segidan jaisterakoan pentsatutako guztia azaldu nion. Ez dakit zer aurpegikin begiratu nuen, baina bitan pentsatu gabe "oso ondo" erantzun zidan.

Beraien dendara iritsi ginenean Ferminek beherunzko bidea hartuta zuen jada eta Juanma ahalik eta pisurik gehiena bere motxilan sartzen ari zen "zuek bihar kargatuta ez joateko". Juanmarengana hurbildu eta egoera lasai bezain argi planteatu nion: "Fermin orain ongi dago baina buruan hartzen den edozein kolpe harriskutsu bihurtu daiteke. Jaca-ko Hospitalera eraman beste erremediorik ez duzu han radiografia edo TAC bat atera eta mediku batek baloratu dezan. Bitartean guk zuen trasteak jaso eta haurrekin pixkanaka-pixkanaka beherunzko bidea hartuko dugu". "Jaitsierako bidea ezagutzen duzue?" Galdetu zigun Juanmak. "Bai noski" gezurra esan genion, bide horretatik pasatzen ginen lehen aldia zen eta. "Ferminek konortea galduko balu mugikorraren bidez deitu, gu zugana ahalik eta azkarren iritsi eta hiruon artean jaitsiko dugu. Koberturarik egongo ez balitz, noizbait zuengana iritsiko gara". "Ondo da, baina kontuz jaitsi" esan zigun Juanmak, "dena den behera iristen zaretenean mugikorrera deitu, mesedez" aholkatu zigun azkenekoz. "Eta, kotxearekin zer egingo dugu?" esan zidan, "Bi kotxetan etorri zarete?" Galdetu nion, "Bai" erantzun zidan. "Lasai, kotxe bat guk eramango dugu" esan nion.

Honela, Juanmak bere kotxeko giltzak eman, bi haurrei ahalik eta ulergarrien egoera azaldu eta beherunzko bidea hartu zuen. Badaezpada telefono mugikorren zenbakiak elkarbanatu genituen bidean arazorik bazen edo ez jakiteko, baina bide osoan koberturarik gabe ibili ginen.

Arrielgo aintziran ogi eta estalkirik gabeko janari guztiak utzi, beraien denda eta Juanmak hartu gabeko trasteak bildu eta mantxo-mantxo beherunzko bidea hartu genuen.

JAITSIERA

Lau naparrek igo zituzten linternak Juanma eta Ferminek eraman zituzten, beraz, gu lauok Josu eta nire frontalen argipean jaisten hasi ginen bide arrasto nahiz mugarrien atzetik. "Ea ez gean argik gabe gelditzen" pentsatu nuen.

"Nire aita hil egin behar da?" galdetu zigun Pablok. "Ke ba, buruan kolpe handia hartu du eta Ospitalean froga batzuk egin beharra dauzka, besterik ez" erantzun nion. "Baina ez zaio ezer pasako, ezta?", "Ke ba motel, dena ondo aterako da" Josuk.

Orientazio edo zorteaz lagunduta bidea lehenengoan topatu genuen eta mantxo-mantxo La Sarrara hurbildu ginen. Baina Arriel aintziretara edo Respomusora hartzeko bidegurutzera iritsi baino lehen zarata bat entzun nuen nire atzean: "Hostia, puta, kaguen sosssssss!!!!!" hasi zen Josu oihuka. "Zer Josu?", "Adar batek motxila jo eta denda maldan behera erori da" esan zuen maldan behera lasterka hastearekin batera. "Josu, hostia, utzi denda pakean eta guazen behera, gaur zauritu batekin nahiko deu eta" oihukatu nion. Baina alferrik, Josu ilunpean dendaren bila hasi eta ni bitartean Pablo eta Ferminekin bidegurutzera iritsi nintzen.

Hamar minutu inguru atseden hartu ondoren Josu denda gabe azaldu zen. "ba nire aitari kriston diru pila kostatu zitzaion denda hori" esan zigun Ferminek. "Momentu honetan denda baino gauza garrantzitsuagoak ditugu" esan nion "gainera egunez bilatzea hobe, dagoen lekutik ez baita mugituko, leku horretan basurdeak besterik ez baita ibiliko". "Hemen basurderik al da?" Galdetu zuen Pablok, "basurdek? Noski baietz, eta seguraski otsok eta hartzak ere bai" erantzun zion Josuk. "bai? Ba nik otsoei kriston bildurra diet" erantzun zion Pablok. "Lasai, otsoek urrunetik usaintzen gaituzte eta ez dira gugana hurbilduko" esan zion Josuk lasaitu nahian.

Arriel ibonetara joateko bidegurutzetik La Sarrarako itzulera oso neketsua egin zitzaigun. Haurrak leher eginda zihoazen etengabe nekearen indarrez lurrera eroriz. Hau ikusita motxilak guk eraman genizkien. "Behintzat Juanma eta Fermin ez ditugu bidean topatu" pentsatu nuen, "beraz Jacako Ospitaleko bidean dira". Ez dakit zer ordutan iritsi ginen La Sarra urtegira, baina buruan gogoan dudana da hamahiru ordu t'erdi ibili ginela. Guretzat oso gogorra egin zen ibilbidea, baina a zer nolako paliza ederra hamaika eta hamabi urteetako bi haurrentzat!!!!!

JACA-KO OSPITALEA
La Sarrara iritsi ginenean gure trasteak Josuren kotxean sartu eta naparrenak Juanmaren kotxean sartu genituen. "Nola eingo deu?" galdetu zidan Josuk. "Ni haurrekin Juanmaren kotxearekin aurretik joango naiz, zuk ni jarraitu, konforme?", "OK" Josuk.

Kobertura izan nuen lehen lekuan kotxea gelditu eta Juanmari deitu nion. "Zer moduz daude haurrak?", "leher eginda, baina onik iritsi dira". "Ni Jacako Hospitalean nago jada, gainera Jacan denok lo egin ahal izateko pentsio bat topatu dut" esan zidan.

Jacara eginiko ibilbidetik dudan oroitzapen bakarra Pablo eta Fermin berehala lo seko gelditu zirela da. Gu ere oso nekatuta geunden, baina hala nola Hospitalera iritsi ginen.

Hospitalera sartu aurretik Josuri Juanmak telefonoz esandakoa komentatu nion: "eta hemen gelditu behar gea lo eiten?" galdetu zidan. "Nik uste onena haurrak Pentsioan utzi eta gu etxera bueltatzea dela" esan nion. "Orduan, listo, hemendik etxera".

Juanma larrialdi zerbitzuetako itxaron gelan zegoen gu sartu ginenean. Gu ikusi eta segituan hurbildu zitzaigun: "zer moduz haurrak?" "ondo, kotxean seko daude, zer moduz Fermin?", "beno, radigrafia bat egin diote eta ez dakite garezurra ikutua duen hala ez. Momentu honetan froga gehiago egiten ari zatzaizkio, eta dirudienez Huesca-ko Hospitalera eraman nahi dute. Nik ezezkoa esan diet, Iruindarrak izanda guretzat hobe dela Iruñara eramatea, gainera denbora berdintsua da". "Eta?", "ba Iruñara ezin dutela eraman Aragoi eta Nafarroa Erkidego Autonomo ezberdinak direlako". "Eta nola konpondu behar duzue?". "Lagun bat daukat Nafarroako anbulantzietan lana egiten duena. Berarekin harremanetan jartzen saiatzen ari naiz".

Hitzegiten ari ginela Fermin sartu zen itxaron gelara. "Pablo?" galdetu zion Juanmak. "Kotxean lo gelditu da" erantzun zion. "Zein da zuen asmoa?" galdetu zigun Juanmak. "Ba dagoeneko hona iritsita, etxera bueltatuko gara" erantzun nion. "Ez duzue hartutako Pentsioan lo egin behar?". "Estimatuta dago, baina ez" erantzun genion.

JUANMAREN AZKEN ESKAERA ETA IRUÑAKO OSPITALEA

Baina itxaron gela utzi baino lehen, Juanmak azken eskaeratxo bat egin zigun: "ba etxera bazoazte eta Fermin Iruñara eramaten badute, inporta zaizue haurrak kotxean etxera eramatea?". "Honaino ekarri baditugu, etxeraino ere eramango ditugu" erantzun nion. "Ondo da, Iruñara irixterakoan Ferminek esango dizue nondik joan Zizurren bizi gara eta".

Honela, Juanma agurtu eta Iruñako eta etxerako bidea hartu genuen Jacaraino etorri bezela, ni Juanmaren kotxea gidatzen bi haurrekin eta Josu bere kotxean atzetik. Iruñako sarreran Fermin esnatu nuen eta honek beraien etxeraino gidatu ninduen. Goizeko hirurak laurden gutxi ziren. Leher eginda iritsi ginen Zizur herrira, kotxea utzi eta uste dut Fermini eman nizkiola giltzak. Zizurgo familiari agur arin bat egin ondoren etxerako bidea hartu genuen.

"Hau da nekea" esan zidan Josuk "kriston logurea dauket".

Lo ez gelditzeko musika altu eta kantatzen etorri ginen etxeraino. Etxean goizeko laurak laurden gutxiagotan sartu nintzen. "Smi, zer pasatzen da?" galdetu zidan Itziarrek ohean sartu nintzenean. "Lasai, ez da ezer, bihar kontatuko dizut" erantzun nion.

Bitartean Juanma borroka bizian ari zen Jacako Ospitaleko medikuekin Fermin Iruñera eramateko ahaleginean. Fermin bere kotxean eramango zuenaren mehatxua egin zien, baina bidaia kotxe batean egiteko arriskutsuegia zela esan zioten. Azkenean mediku bati zein botika behar zuen emateko eskatu zion, Fermin hartu eta beraien ardurapean kotxea hartu eta Iruñako Ospitalera joan ziren zuzen-zuzen.

Ordurako Ospitaleko medikuek Jacatik abisua jasoa zuten eta larrialdietan zain zeuden Fermin jasotzeko. Eresonantzia baten ondoren garezurra pitzatua eta hezur pusketa txiki batzuk garuneko mintzetan sartuta zituela ikusita larrialdiko ebakuntza egin zioten hurrengo goizean lehen orduan.

Fermin Nafarroako Hospitalean ebakuntza egin ondoren.


ONDORIOAK

Ferminen ebakuntza arazorik gabe egin zen eta titaniozko txapa bat jarri zioten garezurrean. Hurrengo goizean telefonoz deitu eta berarekin hitzegiteko aukera izan nuen animoak emateko. Juanmak behin eta berriz zihoen honelako jokabiderik ez zuela bere bizitza osoan mendian ikusi, baina ni honekin ados ez nagoela esan nion, honelako egoera zail batean edozeinek bere burua eskeintzen duela argudiatuz.

Istripua izan eta denbora gutxira mendi-liburu batzuk oparitu zizkiguten gure jokabidea eskertuz, eta orduz geroztik urtero mendi irteera bat egin dugu: 2006ean Vignemalera igo ginen eta mendi irteera berean Rosalia (Ferminen emaztea) ezagutzeko aukera izan genuen. Oso emakume maitagarri eta zintzoa da Rosalia, eta berriro ere abentura osoa kontatu genion.

2007an kale egin genuen, 2008an Beriainen izan ginen, 2009an Saioan eta aurten Aizkorrin. Hauetako irteera batean Fermin hurbildu eta galdetu zidan: "uste duzu istripua izan nuen egunean dendan lo egiten gelditu izan banintz hurrengo egunean La Sarrara bizirik iritsiko nintzela?" "Nahi duzu egia esatea?" erantzun nion, "bai", "Ba egia esatea nahi baduzu, ez dakit zer pasatuko zen, baina garuneko mintzetan sartuta zenituen hezur zatiek garuneko edema bat sortzeko arrisku handia zutela bai esango dizut". "Ondo da, galderari erantzun didazu" erantzun zidan Ferminek beste ezer esan gabe.

2006 urtea. Vignemalen. Argazkia Juanmak aterata da.


2009 urtea, Saioa mendia. Argazkia Ferminek aterata da.




2005eko Irailak 25 batean Balaitus mendian jaio zen adiskidetasun bat egunarte bizirik mantendu dugu. Espero dut adiskidetasun hau betirako mantentzea.


2 iruzkin:

  1. banuen istorio honen berri baina hala ere irakurtzeko beharra sentitu dut tituloa ikusitakoan.
    Beste askotan esan bezala,smi, kontaera bikaina!
    Ni ere zurekin ados nago, edonork egingo nuke halako esfortzua. Errazago gainera deformazio profesionala tarteko dela.
    Jarrai dezagun gozatzen, mendian zein eguneroko bizitzan!
    Haritz

    ErantzunEzabatu
  2. Milesker Haritz,

    bai Josu eta baita neri ere harritu gintuen naparrei harritzea gure laguntza, baina tira.

    Zaindu eta gripea ondo osatu!!!!!!

    ErantzunEzabatu