AZKEN 10 SARRERAK

2011/07/10

GRAND TAPOU (3150 m) EKIALDEKO ARISTATIK ETA BERE ORRATZAK: BEHEKOA (3124 m) ETA GOIKOA (3132 m), 2011/07/09

2010eko Santiago egunean Milieu eta Grand Tapu mendietara hurbildu ginen. Egun hartan gure asmoa Tapuren orratzak ere igotzearena zen, baina eguraldia dela eta bertara igotzea arriskutsa izango zelakoan atzera buelta hartu genuen.

Udako oporren aurretik (ondartzan botata egoteko joan aurretik, alegia) Piriniotara azken bisitatxo bat egiteko aukera baten bila aritu eta gero ihaz igo gabe utzitako bi orratza hauek etorri zitzaizkidan buruta. Iker eta Josuri nire planen berri eman nienean azkar batean baiezkoa eman zidaten.

Honela, ostiral arratsaldean kotxea hartu eta Gavarnien dagoean Grange de Holle aterpera joan ginen zuzen-zuzen. Beste behin Joseph eta Catherine-k emandako harrera primerakoa izan zen.

Goizeko 5:00etan gosaltzera jeiki eta ederki gosaldu ondoren gure ibilbideari ekiteko prestatu ginen.

GURE BIDEA

Ihaz Milieu eta Grand Tapou mendiak Ossueko isuritik duten bide normaletik igo genituen, hau da, Lourdes-ko txabolatik gertu pasa eta Monferrat lakuetatik gora doana. Oraingo honetan Grand Tapou mendia bide berri batetik igo nahi genuen, honetarako bere ekialdeko arista aukeratu genuelarik.

Egia esan arista honen inguruan informazio bakarra topatu nuen interneten, mendikat web orrian hain zuzen ere. Honetaz aparte, Sua argitaletxeak argitaraturiko "Pirineos guía de los 3000 m" liburuan ere informazioa azaltzen da, baina mendikat-en azaltzen den berbera da, biak Luis Alejos mendizaleak idatziak baitira.

Gure eskura genuen informazioaren arabera, arista honi PD zailtasuna emten diote, aristak duen pausu bertikala ekiditen bada. Gure ustez, zailtasun hau ongi jarria dago, aristaren gehiengoa oinez edo eskuak zertxobait jarriz egiten baita erresaltetxo batzuk eta pausu bertikalean ezik. Pausu bertikalari III gradua emango genioke gehienez, aristaren beste pausuak gehienez II mailatik pasako ez direlarik.

Grand Tapou eta honen ekialdeko arista. Pausu bertikala eta hau ekiditeko pasabidea (urdinez) non dauden zehaztu ditut. Argazkian ere Tapouren orratzak non dauden ere azaltzen da. Orratzen ezkerrean Montferrat, Pique Longue, Chausenque bizkarra eta Petit Vignemale ikusi daitezke.


ERAMANDAKO MATERIALA

Nahiz eta jakin pausu bertikal bat dagoela, inon ez genuen topatu honen inguruko informaziorik, ez zailtasuna ezta duen luzera ere. Gure asmoa pausu hau igotzearena zenez, honako materiala eraman genuen: 30 metroetako soka, kaskoa, arnesak, baga batzuk, hiru Alien, fisurero jokua, lau express eta dozena erdi bat segurtasunezko mosketoi. Material guzti hontatik kaskoa bakarrik erabili genuen (nahiz eta Josuk beste behin ere berea motxilatik ez atera).

DESKRIBAPENA

6:05, Kotxea utzitako lekua, 1750 metro inguru. Kotxea Ossue presaren aurretik dagoen zelai zabal batean utzi genuen, gure ibilbidea amaituko genuen lekuan. Motxilak eta trasteak hartu ondoren, pixkanaka Ossue presaruntz abiatu ginen. Goiza hegoaizeak jota esnatu zen, zerua gorriz tintatu zelarik. "Goizeko laino gorri gaueko iturri" dio esaerak, eta esaerari kasu eginez arin-arin abiatu ginen ibilbidea ahalik eta azkarren egiteko asmoarekin.

Ossue presara ailegatzen.


6:25, Ossue presa, 1834 metro. Ossue presa ezkerrean utzi eta Vignemalera doan bidea jarraitu genuen.

Ossue presa ezkerrera utziz.


Atzera begirada. Egunsentia izugarria izan genuen.


Iker eta Josu presaren amaieran dagoen egurrezko zubira ailegatzen. Arista bere osotasunean ikusi daiteke.


Gorriz Vignemalera doan bidea markatu dut. Urdinez aristara sartzeko eginiko bidea. Lehenik igo genuen erresaltetxoa ere markatu dut.


Ossue presa atzean utzi ondoren.


Atzera begirada.


6:55, aristaren sarrera, 2080 metro inguru. Ossue presa atzean utzi eta bertan dagoen urjauziaren parera ailegatu ondoren ezkerretara jo genuen aristaren bila.

Aristara sartzeko hartu genuen tokia. Lehen erresaltetxoa non dagoen markatu dut.


Bidegurutzea hartu eta zelai batetik gora metro batzuk egin ondoren erresaltetxo batera ailegatu ginen. Erresalte honek ez dauka inongo zailtasunik eta arkaitza adherentzi handikoa da. Hau gutxi ez bada ere, eta trepatzeko zailtasunik badago, erresalte hau ekidin daiteke.

Lehen erresaltetxoaren hasieran.


Azpitik begirada...


Lehen erresaltetik ateratzen, dagoeneko Ossue presa azpian gelditzen da.


Erresalte honen ondoren oinez egiten den zelai zati maldatsu bat dator, hauspoa ederki berotzen duen horietakoa.

Zelai zatian.


Zelai zatitik atzera begirada.


Zelai zati honen ondoren arkaitzarekin berriro ere topo egingo dugu. Puntu honetatik gora igotzeko aukera ezberdinak irekitzen dira, denak zailtasun ezberdinarekin. Guk eskuin aldera jo genuen gure ustez bide errezenaren bila.

Josu arkaitzera ailegatzen. Gorriz jarraitutako bidea markatu dut. Bigarren erresaltea ez da ikusten (paretaren atzean gelditzen da). Hasiera batean parean ikusten den pitzaduratik gora igotzea pentsatu genuen, baina azkenean errezenera jo genuen.


Arista nolabait inguratu ondoren bigarren erresalte batekin topo egin genuen. Erresalte hau, aurrekoa bezela, oso erraza da, baina harria oso soltea dauka, kontu handiz igo behar delarik.

Bigarren erresaltetxoan murgilduta.


Ahalik eta arkaitz konpaktuenaren bila harririk ez botatzeko.


Iker erresaltean...


...eta erresaltetik ateratzen.


Bigarren erresaltetxo honen ondoren malda dexente jaisten da plataforma handi bat sortuz. Eskerrak plataforma hau dagoen, goitik erortzen diren harriak bertan gelditzen baitira.

Haizeak ederki jotzen zuenez, arropa pixkar jarri eta ura edateko aprobetsatu genuen. "Zemuz zoazte?" nik. "Ondo, baina haizea fin dabil" Josuk.

Josu plataforma zeharkatzen, jarraitutako bidea markatu dut, baita topatuko dugun plaka lisoa ere.


Plataformaren ondoren berriro ere trepada errazak datoz eta norberak jartzen du nahi duen zailtasuna. Guk arkaitz paregabeko plaka liso batetik igo ginen (harririk ez botatzeko), baina plaka hau ere bere eskuinetik bide errazago batetik ekidin daiteke.

Josu plaka lisoan.


Behera begirada. Plaka lisoa eta azpiko plataforma handia ikusi daitezke. Botatako harri guztiak plataforma honetan gelditzen dira.


Plaka lisoaren ondoren terrenoa berriro ere leuntzen da poliki-poliki lehen tontortxo batera ailegatu ginelarik.

Josu plaka lisoaren ondoren.


Parajea paregabekoa da: eeskuinetik ezkerrera, Gabietoak, Taillon, Kaskoa, Dorrea, Bizkarra, Ur Jauziaren tontorrak, Marbore eta Astazouak.


Iker terreno errazean.


Nik atzean lehen tontortxoa dudala.


Lehen tontortxo hau atzean utzi ondoren maldarik gabeko zelai bat topatuko dugu, eta honen ondoren berriro ere arkaitzean mugitzen hasiko gara bigarren tontortxo batera ailegatu arte. Arkaitz zati honek ere ez dauka inongo zailtasunik.

Lehen tontortxotik bigarren tontortxora jarraitutako bidea .


Iker bigarren tontortxora eramango gaituen lehen maldan.


Josu bigarren tontortxoa gainean duela...


Hauspoa ederki berotu zigun maldatxo honek.


Josu paraje zoragarrian: ezkerretik eskuinera Grand Tapou, Tapouren beherko orratza, goiko orratza, Montferrat, Piton Carré, Punta Chausenque eta Petit Vignemale.


Bigarren tontortxoaren azken metroetan...


...eta behin igo ondoren. Montferrat eta Piton Carré artean dagoeneko Pique Longue handia ikusi daiteke, baita Montferrat mendiaren arista bere osotasunean.


Bigarren tontortxoan.


Hemen dagoeneko arista zertxobait hestutzen da.


Bigarren tontortxoaren ondoren arista hestutu egiten da, baina ez da inongo momentuan hestuasunik pasatzen, lekurik hestuenak ere ekidin daitezkelarik.

Josu eta Iker aurrean pausu bertikala dutela.


... Gertuago... Pausu bertikalaren bi zatiak markatu ditut, baita hau ekiditeko jarraitu behar den pasabidea ere.


OHARRA: 2016ko udan Jon Urteaga, Iraitz Iparragirre, Aitor Urteaga eta Iñaki Araburu goierritarrek igoera hau errepikatu zuten eta deskribapen honetan azaldu nuen hirugarren aukera batetik igo ziren: Iraitzek bidalitako mezu batean hau idatzi zidan: "guk pasabidea hartzea erabaki genian IIIko graduko pausua ekiditeko. Hala eta guztiz, pasabide hontan karratu morean agertzen den tokian destrepe kaxkar bat dago, ondorioz horiz hartutako kanala hartu genun. Bertan, gure ustez III graduko plaka bat dago 2-3 metro, baino fisura eder bat du babesteko. Destrepea baino seguruagoa iruditu zitzaigun bertatik igotzea". Milesker azalpenengatik!!!!!

Argazki hau da Iraitzek bidali zidana beraiek nondik igo ziren adierazteko, bertan destrepe delikatua non dagoen ere adierazi zidan.


Konturatu gabe bigarren tontortxoa eta pausu bertikalaren artean dagoen lepo zabal batera ailegatu ginen. "Ostras, hito bat!!!!" Ikerrek, "Joer, bide osoan ikusi deun bakarra izango da" Josuk.

Iker eta Josu lepoan. Marra gorria "hausten" den lekuan bide osoan ikusitako hito bakarra ikusi daiteke. Urdinez berriro ere pausu bertikala ekiditeko jarraitu beharreko pasabidea markatu dut.


Pausu bertikalak bi zati dauzka: lehenengoak ez dauka zailtasun handirik, bakarrik II maila izango duen 4-5 metroetako pausu bat. Benetako pausu bertikala (bigarren zatia) ekiditeko pasabidera ailegatzeko lehen pausu hau ere igo behar da. Heldulekuak non-nahi dauzka eta harkaitza izugarri on eta konpaktua da.

Josu II gradua duen pausura eramango gaituen lehen trepadetan.


Josu II mailako pausua igo ondoren.


Iker pausu honen amaieran.


Lehen pausu honen ondoren "benetako pasu bertikala" dator. Pausu hau III mailakoa izango da. Aurrekoa baino bertikalagoa eta luzegoa (5-6 metro inguru) da, baina aurrekoa bezela, helduleko onak eta arkaitz paregabea dauka. Hasieran soka atera edo ez zalantzan aritu ginen, baina azkenean ez genuen atera. Honelakoetan pasatzen den bezela, Josuk eman zion aurretik. "Zemuzkoa da?" galdetu zion Ikerrek, "Ez dauke ezer, harkaitza ona eta baita heldulekuk ere" Josuk. Hau entzunda, bi anaiak bere atzetik abiatu ginen bitan pentsatu gabe.

Josu "benetako pausu bertikalatik" ateratzen.


Iker pausu honen lehen mugimentuan. Bere ezkerrean pausua ekiditeko pasabidea non hasten den ikusi daiteke.


...pausuaren erdian...


...eta amaieran.


Ni neu pausu honen amaieran.


Pausu honen amaieran arista erabat hestutzen da eta kontu handiz ibili behar da izugarrizko patioa baitago alde batera eta bestera. Dena den pausuak errazak dira, baina batzuetan eskuak eta oinak non jarri ongi begiratu behar da harkaitz batzuk (handiak eta txikiak) mugitzen baitira.

Iker eta Josu pausu bertikala atzean utzi ondoren.


Zeharkako pausu batean, patioa izugarria da.


Aristaren hestuasuna nabaritu daiteke.


Eskuak eta oinak non jarri ongi begiratu behar da.


Dena den aristaren inguruko parajeak edozein hestuasun konpentsatzen du.


Atzera begirada, orain arte ibilitako arista zatia ikusi daiteke.


Aristaren hestuasunak amaitzen diren lekutik behera begirada. Pausu bertikala ekiditen duen pasabidearen irteera markatu dut.


Josu aristaren hestuasunaren azken metroetan.


Arista zati hestu hau pasa ondoren dexente zabaltzen da, hemendik aurrera oinez Grand Tapouren gailurreraino ailegatuko garelarik.

Iker atzean aristaren zatirik hestuena duela.


Aurretik duguna. Ikusten denez, arista erabat zabaltzen da.


Hemen bai eroso!!!!


Iker aristaren zati zabalean.


Zati zabal honen ondoren, arkaitzaren kolorea aldatzen da eta puskatu egiten da, baina aristak dagoeneko ez dauka inongo arrisku eta zailtasunik.

Josu eta Iker arkaitzak kolorea aldatzen duen lekuan.


Atzera begirada, arista osoa ikusi daiteke.


Iker Grand Tapouren gailurrean dagoen hitora ailegatzen.


9:35, Grand Tapou, 3150 metro. Uste baino lehenago eta uste baino frexkoago Grand Tapouren gailurra zapaldu genuen. "Zemuz?" galdetu nien "Ondo" Ikerrek. "Alde earra etorri ginen azkeneko aldikin konparauta" Josuk. Gailur honetan zertxobait jan eta edan ondoren, motxilak bertan utzi eta arropa jantzi ondoren orratzen bila joan ginen gailurrean zegoen haize indartsutik ihesi.

Grand Tapouren gailurrean indarrak berreskuratzen eta haizetik babesten.


Tapouren orratzak Grand Tapoutik nabaritu ahal izateko ongi kamuflatuak daude Monfterrat mendia atzean baitute eta irudimen pixkat eduki behar da biak ezberdintzeko. Bietatik lehena Beheko orratza da. Orratz honetara igotzeko, Grand Tapoutik bertara doan arista jarraitu behar da jaisteko lekurik errazanak aukeratuz. Behin Grand Tapou eta Beheko Orratzaren artean dagoen pitzadurara ailegatutakoan ipar ekialdetik datorren elur kanal baten amaierarekin topo egin genuen.

Josu Grand Tapouren gailurra uzten. Orratzak non dauden ikusi daiteke, eta hauen atzean Montferrat mendia.


Hemendik Vigmemale aldera dauden bistak handiak dira.


Grand Tapou eta Beheko orratzaren arteko aristatik behera. Eskuinean Beheko Orratza ikusi daiteke.


Beheko orratza bere osotasunean. Beheko orratzak bi punta dauzka: berez puntarik altuena bigarrena da. Argazkian ikusten den hirugarren punta Goiko orratzarena da. Argazkian ekialdetik datorren elur kanalaren amaiera ere ikusi daiteke.


"Ezin al da hemendik zuzen jarraitu?" Josuk. "Daukan desplomekin zaila iruditzen zait" nik. "Ziur?" Josuk, "Saiau nahi badezu, baina nik elurra nondik gurutzatu daiteken pausu baten bila nijo" erantzun nion. Pitzadurara ailegatu eta Josu ez zen saiatu ere egin, elurra nondik gurutzatu ikertzen hasi ginelarik.

Elurra nahiko bigun zegoela ikusita, topatu genuen lehen pausu posiblean sartu eta ahalik eta marka sakonena egin genuen. Egia esan, nahiz eta elurra biguna izan, elur kanal honetatik behera erortzea ez da aukera posible bat. Behin elurra pasa ondoren, trepadatxo erraz baten bidez Beheko orratzara ailegatuko gara bere ekialdetik.

Iker Beheko orratzaren trepadan.


Josu aurretik.


10:05, Tapouren Beheko Orratza, 3124 metro. Derrigorrezko argazkiak atera ondoren, Goiko orratzaren bila joan ginen zuzen-zuzen.

Josu Beheko Orratzaren gailurrean.


Tapouren Beheko Orratza, 3124 metro.


Beheko Orratzatik Goikora doan aristaren zatiaren hasiera bertikal xamarra zela ikusita, metro batzuk ekialdera jaitsi eta Beheko orratza inguratu genuen bi orratzen arteko pitzadurara ailegatu arte. Hemendik gora, trepada erraz bat da Goiko Orratzararte.

Iker eta Josu Beheko orratza inguratzen.


Hemendik bai, Goiko Orratza bere osotasunean ikusi daiteke.


Iker Beheko Orratza bizkarrean duela.


10:15, Tapouren Goiko Orratza, 3132 metro. "Ze ona!!!!" nik, "elegantea!!!!" Josuk, "Tomaaa!!!!" Ikerrek. Bertan lasaiago egon ginen eta argazki gehiago atera genituen. Goiko orratzak ere bi tontor dauzka, handiena, hemen ere, bigarrena delarik.

Tapouren Goiko orratza, 3132 metro. Talde argazkia.


Bi anai...


...eta bi lagun.


Iker Goiko Orratzaren beste tontorrean. Bere atze eta azpian Beherko orratzaren tontorra ikusi daiteke. Bere atzean Grand Tapouren gailurra.


Argazkiak atera ondoren, berriro elur kanalaren pausuaren bila jaitsi ginen Grand Tapoura itzultzeko asmoarekin.

Tapouren Beheko orratza eta Grand Tapoura doan ekialdeko arista bere osotasunean.


Josu elur pasabidean...


...baita Iker ere.


Bi orratzak Grand Tapouren gailurraren azpitik.


10:40, Grand Tapou, 3150 metro. Hemen gailur argazkia atera eta zertxobait jan eta edan ondoren, beherunzko bidea hartu genuen. Jaitsierarako erabili genuen bidearen deskribapena hemen daukat zehaztua.

Grand Tapou, 3150 metro.


Pique Longue eta Clot de la Hount mendiak. Azken honetan oraindik gauza bat pendiente daukat.


Pique Longue, hau da erromeria!!!!!!!!


Midi d'Ossau handia.


Jaitsieran hitoak maiz ikusi genituen, ez igoeran bezela.


Urtean zehar gelditzen den elurtegia zeharkatzen.


Ahal izan genuen guztietan elurretik kanpo joan ginen, baina besteetan ezinezkoa zen.


Edelweiss loreak. Sekula ikusi gabe geunden, baina gaurko egunean izugarri pila ikusi genituen.


Iker eta Josu lekuaren handitasunaren mende.


Bidean zehar leku askotan odol ugari topatu genuen. Gero konturatuko ginen zergatik zen: ardiak erditzen ari ziren.


13:15, kotxea utzitako lekua, 1750 metro inguru. Zazpi ordu eskas ibili ondoren, azkenean kotxera ailegatu ginen, uste baino frexkoago, baina oinetan egosi puntua hastear zegoela.

Azken metroetan...


Helmuga!!!!!


Vignemale inguruko mendiei azken begirada.


PROFILA




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina